viernes, 17 de febrero de 2017

ZUMAIAKO HERRI ESKOLAKO IRRATIA 107,9 SINTONIAN



“Irratsaioak esperientzia baten oinarri”

 

Eskolako irratsaioak,
hainbat gai lantzeaz gain,
komunikazioa trebatzeko
aukera ezinhobea dira.


Gure historia


Momentu honetan ZHE - Zumaiako Institutuko DBHko 1.zikloko ikasleek astero ordubeteko bi edo hiru irratsaio zuzen egiten dituzte  OTALORA irratian, Herri Eskolako irratian, FM 107.9 sintonian.

Orain zazpi ikasturte hasi ginen esperientzia berri honekin eta aukerazko gaien artean irrati tailerra eskaintzera erabaki genuen. Ikasleen erantzuna arrakastatsua izan zen hasiera batetik eta urtez urte , bai kuantitatiboki, bai kualitatiboki hobetzen joan da.


Antolaketa eta banaketa


Irrati tailerra eskolako ordutegi barruan sartuta dago eta talde bakoitzak bi ordu astean izaten ditu irratiaren mundua ezagutzeko. Bi ordu hauetatik, ordubete prestakuntza lanetan jarduten dugu eta bigarren orduan irratsaio zuzena da.

Ordubeteko irratsaio bateko gidoia eta antolaketa egitea, gutxi gorabehera, hiru bat orduko lana da ikasleentzat. Beraz, lan guzti hau ezinezkoa da eskolako ordutegiaren barnean betetzea eta etxean , alegia eskolatik kanpo, prestaketa lana ere egin behar izaten dute.

Tailer bakoitzean ikasleak lan taldetan banatzen dira, lau-sei ikaslekoak, eta talde bakoitzak bere irratsaioa txandaka antolatzen du. Hiruhilabetean behin (eta data berezi batzuei lotuta: gabonak, inauteriak, kurtso bukaerako festa,..) irratsaio berezia eta luzeagoa antolatzen da tailerreko ikasle guztien partaidetzarekin eta beste mailetako ikasleak inplikatzen saiatzen gara.

Irratsaioaren atal desberdinak eta gidoiaren lanketa


Irratsaio bat burutzerakoan hainbat atal landu daitezke; guk, besteak beste, hauek erabiltzen ditugu: albisteak, lehiaketa, elkarrizketa, txisteak, horoskopoa, bitxikeriak, dedikatoriak, inkestak, mahai-inguruak, musika saioak, literatura, narrazioak (antzerkia, ipuina,..).

Eta gidoia egiterakoan, gauza hauek hartzen ditugu aintzat: zein atal landu nahi dugun eta zein ordenatan, musika aukeratu ondoren nola aurkezten den pentsatu, irratsaioari hasiera eta bukaera nola ematen zaion erabaki, irratsaioa egiteko eguna eta luzera zehaztu (saio batekoa edo gehiagokoa).

Irratsaioaren helburuak


Irratsaioen bidez ikasle bakoitzak irakurketa, idazketa, ahoskera, entonazioa, abiadura egokia eta abar lantzeaz gain, komunikazioan trebatzeko aukera ematen du.

Kaleko jendek entzuten duen irratsaioa prestatzeak kalitate minimoko lana bermatzera behartzen gaitu; hau dela eta, ezaugarri hauek kontuan eduki behar izaten ditugu:
  • entzuleentzat ez ezik, parte-hartzaileentzat ere erakargarria izatea
  • elkarrizketa bizia izatea komeni da
  • hizkuntza baliabideen oreka: hizkera eta ahozkotasunaren artekoa
  • gaien tonuaren arteko oreka: ez jartzea gai serio guztiak elkarrekin, umore punturen bat tartekatu gabe.
  • euskara batua erabili arren, Zumaiako ezaugarri fonetikoak txertatu
  • ikasleen gaitasunak eta ezintasunak kontuan izan behar ditugu lana banatzerakoan

Dena dela, denean bezala, eginez ikasten da eta, nahiz eta orain arte asko ikasi dugun, oraindik asko daukagu hobetzeko.

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario